Familia pobre eta ugari batean jaio zen, 12 anai-arrebakoa. Pobrezian bizi izan du haurtzaro osoa, eta, egoera horrek bultzatuta, beste herrialde batzuetara joan ziren bere anai-arreba asko. Bere aita hiltzean, ikasteari utzi eta amari laguntzea erabaki zuen Hadyk. Autobuseko laguntzaile izan zen denbora luze batean, bidaiarien ekipajeak igotzen eta jaisten zituen. Bere bikotekidea haurdun geratu zen, eta alaba bat izan zuten.
Malitik hegazkinez irteteko adina diru aurreztu zuen Hadyk 2005ean. Dirua egin nahi zuen, bere herrian geratu ziren ama eta alaba zaintzeko. Europara iritsi ondoren, gatazka armatua piztu zen Malin, eta ezinbesteko asiloa eskatu zuen 2012an, baina ezetsi egin zioten eskaera.
Espainiar estatuan bizitzen urteak eman ondoren, sustraitze-egoera onartu zitzaion azkenean Hadyri 2015ean.
“Ez dut inoiz ere ahaztuko handik irten nintzen eguna, ama eta alaba bainituen buruan. Haiek berriro ikusiko ote nituen, besterik ez nuen gogoan. Hori duzu buruan, baina, aldi berean, geroari begiratzen diozu. Nire alabaren geroan eta hari eman diezaiokedan laguntzan pentsatzen nuen. Ez nuen nahi nik txikitan sufritu nuena pairatzerik; edozer egiteko prest nintzen haren bizitza hobetzen laguntzeko.”
Mundu osoan, derrigortuta leku batetik beste batera joan behar izan duten pertsonen kopurua izugarri ugaritu da azken hamarkadan. 2019an, 118.264 pertsonak eskatu zuten nazioarteko babesa espainiar estatuan, eta, horien artetik, 4.826k EAEn eskatu zuten babesa. Hainbat arrazoi daude pertsona bat ihes egitera bultza dezaketenak: gerrak edo gatazkak, miseria, behartutako ezkontzak, krimen antolatuaren indarkeria, emakumeen mutilazio genitala, sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa eta LGTBIQ+ pertsonen jazarpena, besteak beste. Zifra hotz horien atzean, PERTSONAK daude. Inoiz baino laguntza gehiago behar duten pertsonak. Gaur egungo egoera sanitario, sozial eta ekonomikoa ziurgabetasun handiz bizi duten pertsonak. Gure bizilagunak diren pertsonak. Garai batean, gure herriak ere erbestera jo behar izan zuen; orain, babesa eman diezaiekegu indarkeriatik eta miseriatik ihesi, eta bakean bizitzeko xedez, gure lurraldera datozenei.
Errefuxiatuei lagundu diezaiekezu, haien bizitza berriaren hasieran.
Ondoko posta-txartel solidarietariko bat oparitzean, zuk zeuk eta zure oparia jasotzen duenak artatzen ditugun errefuxiatuen bizitza hobetzeko ekarpen bat egingo duzue.
Lagundu Zehar-Errefuxiatuekin, eta, horrela, pertsona errefuxiatuen GIZA ESKUBIDEEN defentsan parte hartuko duzu.
Ba al zenekien Zehar-Errefuxiatuekin egindako dohaintzak zerga-arintzea duela?